ZER DA?

HERRI PROIEKTU BAT, ERAGILE ASKOREN KONFLUENTZIA GUNE ETA LANKIDETZA PUBLIKO KOMUNITARIORAKO ESPAZIO BAT.

Gaur egungo erronka sozialak eta behar komunitarioak aintzat hartuz Bergara kohesionatu, iraunkor eta justuago bat eraikitze bidean herritarrak ahalduntzea eta ikuspegi komunitarioa indartzea nahi dugu. Zehazki, hau da gure jarduna:

  • Eragileak indartu eta saretu.
  • Ikuspegi publiko komunitarioa eta herri izaera landu.
  • Ekimen ekonomiko kolektiboak klabe kooperatibotan eratzeko eta martxan jartzeko bidelaguntza eskaini.
  • Ekimen kolektiboak martxan jartzeko eta eragiletza aktibatzeko klabe eta elementuen gainean gogoeta sustatu.

PRINTZIPIOAK

  • Lehena, eta oinarrizkoena, komunitatea erdigunean jartzea, hau entzun eta dituen kezka eta beharrei aurre egiteko proiektuak garatzea eta gauzatzea. Tokiko eragileen arteko proiektu amankomuna izatea.
  • Ehuntzea. Izenak berak dionez, herriko eragile eta norbanakoen artean sareak eratzea, jostea. Izan ere, sareak eraikitzen baditugu gure babeserako ez da inor erortzen, sareak eusten gaitu.
  • Izaera eraldatzailea izatea. Bizitza eredu desberdin bat eraikitzea, eta ez datorkigun egoeraren aurrean erreakzionatzea bakarrik. Etorkizuneko Bergara eraikitzea nahi dugu gaurko eta biharko korapiloei aurre egiteko tresnak sortuz.
  • Elkarlan publiko-komunitarioa sustatzea. Herriaren beharretan laguntzeko lanabesa da, herriaren eta Udalaren arteko lotura sortuz.
  • Alderdi politikoen logikatik at egotea, baina izaera politikoarekin, herriaren antolamendua eraldatu nahi dugun heinean.
  • Bizitza bizigarriak bermatzea. Bertan bizi gara eta bizi nahi dugu, horretarako beharrezkoa den ekosistema inklusibo, aberats eta ikuspegi zabal batetik herria bizitzea ahalbidetuko duena eraiki nahi dugu.

NONDIK GATOZ ETA NORA GOAZ

Herrian atzera begirada bat egiten badugu, ikus daiteke 1970an jorratu zela horrelako mugimendua, Autogestión Bergara izenekoa, Alkartu Nai, Promocion Cultural eta Udalak bultzatuta. Bertatik sortu ziren gerora egonkortu diren hainbat ekimen: lehen anbulantzia lortu zen herriarentzat, baina baita UNED, Aransgi, haurtzaindegia eta beste hainbat eta hainbaten hazia erein zen egitasmo horretan eta ondare hori ere berreskuratzea garrantzitsua da herriarentzat.

Azken urteetan bizitakoak erakutsi digu etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezkoa dela denon arteko lankidetza. Pandemiak gizartean ditugun hainbat arazo azaleratu ditu, baina herritarrak antolatu eta egitasmo berriak sortu dira, hezkuntzatik, zaintzatik edo kulturatik, adibidez. Honek, bizitza ereduak birplanteatzera eraman gaitu eta kezkak areagotu dira elikaduraren, etxebizitzaren, telekomunikazioen edo azkenaldian hain bogan dagoen energiaren eremuetan, esaterako.

Hori dela eta, herritar talde baten kezkatatik abiatuta, herritarren beharrak entzun eta hauei erantzun kolektibo bat emateko espazio baten beharra ikusi da, Bergarak bere etorkizuna eraikitzeko dituen erronkez jabetzeko, hauek ondo ulertuz eta gainditzeko proiektuak definituz. Behar hauetatik bultzatu da komunitatearen eta Udalaren arteko elkarlana, eta lankidetza honetatik sortu da EHUNDU eraldaketa komunitarioa.