Hezkuntzaren digitalizazio demokratikoa?

Azkenaldian bolo-bolo dabil Hezkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida, bai komunikabideetan baita hezkuntza sektorean ere, baina ezer gutxi hitz egin da bertan gero eta gehiago erabiltzen diren tresna digitalei buruz. Tresna hauek hezkuntzako langileen lanabes garrantzitsu bat izateaz gain, hauren heziketako prozesuaren aprte garrantzitsu bat ere badira. Garai bateko koadernoa eta arkatza hein haundi batean ordenagailu eta plataforma digitalekin ordezkatu ditugu, edo hobe esanda, Cromebook eta Classroomekin. Izan ere, apirilean argitaratu zen Hezkuntza Sailak eta Google multinazionalak egindako hitzarmena hurrengo lau urteetan gure seme-alaben hezkuntzan enpresa honen tresnak doan erbaili ahal izateko. Baina nola eskaini dezake enpresa batek doaneko zerbitzu bat eta hala ere milaka eta milaka dolarretako instalazioak mantendu zerbitzu hori eskaini ahal izateko? Edo oso altruista da, edo beste leku batetik ateratzen da diru hori.

Gaurkoan ez gara gehiegi sartuko enpresa digital handien finantzazioa aztertzera, baina kontutan izango dugu alde batetik tresna hauek erabiltzen ari garenean gure datuak jasotzen dituztela, eta hezkuntzaren kasuan, bestela ia ezinezkoa izango lirakeen adin txikikoen datu ugari: zer gustatzen zaien, zeri buruz hitz egiten duten, zer egiten duten ordenagailu baten aurrean… eta hori gero publizitate bezala itzultzen zaiela Google bezalako zerbitzuak erabiltzean. Beraz, eta hitz gutxitan esateko, adin txikikoen gaineko merkatu erraldoi bati buruz hizketan ari garela.

Sorgin gurpil honetatik ihes egiteko, eta hezkuntzan erabiltzen diren diren tresnen gaineko kontrola bereganatzeko bi esperientzia izango ditugu gaurkoan gurekin. Biak desberdinak baina biak dute amankomunean hezkuntzan erabiltzen diren tresnen gaineko ardura norberaren esku egotea, izan online plataforma baten bidez edo izan eskoletan erabiltzen ditugun ordenagailuen bidez. Hau da, Classroom eta Chromebookak erabili ordez, beste tresna libre batzuk erabiltzea, hezkuntzaren kalitate maila gutxietsi gabe.

Hasteko, Bartzelonan garatu eta martxan jarri den Digital Democratic (DD) izeneko esperientzia ezagutuko dugu, guraso talde batek bere seme alaben datuak eskolaratzen direnetik Google-en esku egotearen kezkatik sortutako proiektua eta Bartzelonako Udalaren laguntzaz Xnet sarearekin batera garatu dutena, Cecilia Bayoren eskutik. Ondoren, Donibaneko ikastolaren esperientzia ezagutuko dugu, Eder Etxeberriaren eskutik.

Cecilia Bayo Gizarte Zientzietan lizentziatua da eta Historian eta Bigarren Hezkuntzako irakaslegoaren formazioan masterrak eginak ditu. Bere ibilbide profesionala argitaletxeen arloko komunikazioan garatu du hein handi batean eta Xnet kolektiboarekin lan egiten duen guraso sareko kide da. Kolektibo honek datuen pribatutasuna eta hezkuntzaren digitalizazio demokratikoa lantzen ditu eta proiektu piloto bat garatu dute gizarte zibil antolatuaren ekimenetik abiatuta.

– GALDERAK-

Eder Etxeberriaren txanda orain, Donibane Lohitzuneko ikastolan haurrak tresna libretan trebatzeko otsailean martxan jarri zuten Txikilinux XiLaBa proiektua azalduko digu berak. Baja emandako ordenagailuak berreskuratu eta Heziberri 2020 planak esaten duen oinarrizko diziplina barruko konpetentziak lantzeko hezkuntzarako aplikazioak ikasleen eskura jartzen dituzte. Eder Etxebarria Rojo sortzez bilbotarra eta Urruñan bizi den Baionako Etxepare lizeoko irakaslea da. Ekonomia ikasketak burutu ondotik 10 urtez lanean aritu da banketxe ezberdinetan. Duela 4 urte irakaskuntzara eman zuen jauzia. Pandemiak Linux ezagutzeko parada eman zion eta ordutik software librearen maitale sutsua bilakatu da. Aurtengo otsailean “Txikilinux XiLaBa” proiektua aurrera eraman du Donibane Lohizuneko ikastolan.