Kataian
Azken urteetako bideari jarraipena emanez, elikadura burujabetzan urratsak eman eta herri mailan elkarlanean arlo ezberdinei erantzuteko proiektuak garatzen ari gara Bergarako Elikadura Mahaian. Sentsibilizazioari dagokion lan-ildoan datozen hilabeteak oparoak izango ditugu. Elikadura mahaia osatzen dugun kideek (Bergarako Udala, Deba Garaia Debagoieneko Landa Garapenerako Elkartea, Ereindajan, Ehundu, Eskubaratz) “Elikadura burujabetzan kataiari helduz” jardunaldiak aurkezten ditugu.
Herritarren artean, elikagaien prezioen garestitzea kezka iturri dugu. Hainbat ikerketen arabera, pandemia-denboraren ondoren eta egungo testuinguruak markatuta, erosketa-erabakien parte diren alderdiak kontsumitzailearen buruan berrantolatu egin dira, eta prezioak paper oso nabarmena du kontsumo-erabakietan. Testuinguru honen ondorioetako bat da, elikagai freskoak eskuratzeko desberdinkeria areagotu eta ekoizpen zein komertzio txikiaren sektorera zuzenean doazen sarrerak geroz eta baxuagoak direla.
Erpin asko dituen gai konplexua izanik ere, agroekologiaren norabidean sakondu eta estrategia kolektiboak indartzea ezinbestekoa dugu. Elikaduraren gaineko erabakimena ezin baita izan erabaki pertsonal bat soilik. Horregatik, herritar guztientzako elikadura osasuntsu eta agroekologikorako eskubidea bermatzeko herri mailako erantzunetan sakontzeko jardunaldia aurkezten dugu:
Heziketa programa ikastetxeetan
Eskola-eremua ingurune garrantzitsua da haur eta gazteen elikadura-heziketari dagokionean, jangelatik hasita ikasgelaraino. Programa hau, esparru koordinatu bat garatzeko alde testuinguru bat sortzeko asmoarekin sortu da. Hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiei informazio eta sentsibilizaziorako aukera bermatuz eta eragile ezberdinekin elkarlanerako bideak zabalduz.
Herritarrei zuzendutako ekintza irekiak
Sukaldearen bueltan sortzen diren harreman sozialak eta ohiturak ere nabarmen aldatu dira azken hamarkadan. Besteak beste, elikadura eredu osasuntsu batean oinarrizkoak diren plateren prestaketarako zailtasunak areagotu dira herritar askoren artean: Eguneroko erosketen planifikazioa, erosketa gaitasuna, dendari eta ekoizleekin harremanak, merkataritza gune handien indartzea, sukaldaritza herrikoiaren inguruko ezagutza… Tokiko merkatari, sukaldari eta ekoizleen eskaintza zein ezagutza erdigunean jarriz, esperientzia praktikoetan sakontzeko jarduerak antolatu dira.
Antolatutako diren jarduerak:
Azaroan: Ekoizpen Duina, Kontsumo Herrikoia ekimena ikastetxeetan
Ekoizpen Duina, Kontsumo Herrikoia material didaktikoan oinarrituz Bergarako ekoizleekin elikadura osasuntsuaren eta baratzezaintza ekologikoaren inguruko lanketa egingo da ikastetxe guztietako LH3ko ikasleekin. Ikasgela zein baserri-bisita saioetan, sasoiko plater bakoitzaren atzean dagoen lana ezagutuz, elikadura eta bizitza duinagoak garatzen lagunduz.
Angiozar, San Martin, Mariaren Lagundia eta Aranzadiko LH3ko ikasleekin
Urtarrilean: Mila kolore, Mila zapore ekimena ikastetxeetan
Mireia Alberdi nutrizionistak LH4ko ikasleentzako Mila Kolore Mila Zapore proiektua landu du. Fruta eta barazkien garrantziaz ohartu eta beraien onurak ulertzeko helburuarekin garatuko da. Zentzumen desberdinak erabiliz, ikasleak gustuko izan ditzakeen fruta eta barazkiak esploratuko dituzte. Eta manipulazio bidez, errezeta erraz eta dibertigarriak prestatuko dira ikasgelan bertan. Eguneroko ekonomia eta herriko ekoizle zein merkatariekin hartu-emanak indartzeko asmotan, haurrekin azokara bisita egingo da.
Angiozar, San Martin, Mariaren Lagundia eta Aranzadiko LH4ko ikasleekin
Abenduan: Zure platerean hasten da mundua ekimena ikastetxeetan
Gabonen atarian ohikoak diren ikasbidairako otarren inguruko ekimena landuko da DBH 3 eta 4ko ikasleekin. Aurtengo berritasuna Debagoienako produktuekin osatutako otarrak izango dira (gazta, mermelada, gozoak, krema…). Ikastetxetan muntaketa auzolanean eginez, ikasleek otarrak salduz eta ekimena borobiltzeko eskualdeko ekoizleekin tailerra egingo dute ikasleek.
Mariaren Lagundia eta Aranzadiko DBH3ko ikasleekin
Udaberrian: Oinarrizko sukaldaritza ikastaroa
Kontsumitzaileei elikagaien aprobetxamendua eta eguneroko ekonomia errazteko ikastaroa eskainiko zaie. Eguneroko menu ekonomiko bat garatzeko estrategiak landuko dira herriko sukaldariekin.
UDaberrian: Elikadura eskubidearekin lotutako esperientzien mahai-ingurua
Elikagai freskoen eskuragarritasuna bermatzeko proiektu komunitarioen inguruko mahai-inguru bat antolatu da. Ikuspegi asistentzialista eta estigma gainditzeko estrategiak lantzeko helburuarekin, Euskal Herriko zein estatu mailako proiektuak gonbidatuko dira.
Info: https://goiena.eus/bergara/1699890306670-elikadura-eskubidea-hizpide-izango-duten-jardunaldiak-aurkeztu-dituzte