ZPHDM

Elikadura burujabetzan urratsak eman eta herri mailan elkarlanean arlo ezberdinei erantzuteko proiektuak garatzen ari da Bergarako Elikadura Mahaia. Sentsibilizazio eta heziketari dagokion lan-ildoan udazken oparoa izan da Zure Platerean Hasten Da Mundua jardunaldiekin.

Elikaduraren bueltan egunero hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute ingurunean, osasunean, gizartearenean zein munduarenean. Krisi eta informazio nahasgarrien testuinguru honetan, herritarrari elikagaien kontsumo konszienteago baterako foro eta baliabideak eskaintzea helburu duen prozesua garatu da. Ekoizpen ereduetan sakonduz eta ekologikoa, bertakoa, pertsonen-neurrikoa zein ekonomia sozial eta solidarioan oinarrituari balioa emanez.

Antolatutako jarduerak:

Urriak 6 – Duina proiektuaren emaitzen aurkezpena

Lehen hartu-emana, Biolur elkartea eta herriko ekoizleen eskutik DUINA proiektuaren emaitzen aurkezpena egin zen.  Sektorean eta herritarrengan duten inplikazio sozioekonomikoagatik garrantzitsuak diren ondorioak partekatuko ziren. Info:  https://www.biolur.eus/eu/proyectos/duina-ikerketa-proiektua

Urriak 22 – Informazio puntua

Urriaren 22an, goizean zehar Oxirondo azokan agroekologiaren inguruko informazio- puntua eta Ehkolektiboko materialen lanketa egon zen, gaia herritarrei hurbiltzeko.

Urriak 29 – Etxalde bisita

EHKOlektiboko kide diren Antzuolako Pikunieta baserrira bisita egin zen. Ate-ireki formatuan bertatik bertara etxaldekoen jarduna ezagutu eta bertako artzaien produktuak dastatzeko aukera izan genuen.

Abenduan zehar – Ikasbidaiko otarren proiektua

Gabonen atarian ohikoak diren ikas bidaiarako otarren inguruko ekimena landu zen Mariaren Lagundia eta Aranzadi ikastetxeekin. Elikaduraren inguruko kontuak praktikatik ikasi eta bertako ekoizleentzat komertzializaziorako bide berri bat ireki da. Horretarako elkarlanean, 321 gazta zati eta 374 otar osatu dira lehenik eskariak eta horniketa koordinatuz (gazta, txokolatea, pasta, patea eta kalabaza krema), gerora eskolan muntaketa auzolanean eginez, ikasleek otarrak salduz eta ekimena borobiltzeko ikasleekin EHKOlektiboaren unitate-didaktikoa landuz.

Ekimenaren prozesuaren bideoa:  https://peertube.eus/w/hqAb7bNeW29VQKvAgWtGwu

Urtarrilak 25ean – Ostalarientzako formazioa

Ekoizle eta ostalarien arteko zubiak egin, sasoiko barazkiak taberna eta jatetxean eskaintzan txertatzeko aukerak lantzeko helburuarekin ikastaroa egin zen San Joxepe elkartean.

Sasoiko produktuak nola erabili erakutsi zitzaien, eta errentagarritasuna ateratzeko aholkuak eman zizkien Anne Otegi sukaldariak. Pintxo-pote baterako edo jatetxeko menuan sartzeko moduko platerak prestatu zituzten. https://goiena.eus/bergara/1674750360492-bergarako-ostalarientzako-ikastaroa-antolatu-dute-bergarako-elikadur-mahaitik

Urriak 19 – Dokumental emanaldia

Landarlan Ingurumen elkarteak eta ON Produkzioak-ek aurkeztu berri duten “Zure Platerean hasten da mundua” dokumentalaren emanaldia eta parte-hartzaileekin solasaldia antolatu genuen Seminarixoan.

Urriak 26 – Dastaketa solasaldia

Asteazkenetako azoka baliatuz, Nolakoa izango da etorkizuneko elikadura? galderaren inguruan dastaketa-solasaldia egin zen EHKOlektiboaren eskutik. Bertako produktuak dastatuz zentzumen guztiak martxan jarri genituen  eta jateko hautatzen dugun horrek eragiten duen aztarnaren inguruan jardunez.

Abenduak 16an – Ekoizpen Duina, Kontsumo herrikoia

DUINA proiektuaren material didaktikoa Bergarako San Martin ikastetxean aurkeztu zen estreinekoz; eskola komunitatea, Biolur elkarteak eta Ereindajanek elkarlanean. Eskolako jangelako proiekturako aberasgarri izatea ez ezik, elikadura heziketan sakontzeko eta bere osotasunean lantzeko elkarlanean jardun zen. Hezkuntza praktikoaren bitartez 12 elikagaien ekoizpena ezagutu, eta plater konbinazioak eginez kopuru eta prezioak landu ziren, eskolako “janari osasungarria” proiektuarekin lotuz. Hiru jarduera antolatu ziren: Murinondo auzoko Ziarreta baserrira bisita, material didaktikoaren lanketa eta familientzako aurkezpena eta dastaketa.

Ikus albistea hemen.

Urtarrilean zehar – Mila kolore, Mila zapore

Aurreko urteetako esperientzia errepikatzeko asmotan ikastetxe guztietako LH4ko ikasleek Mila Kolore Mila Zapore proiektua landuko zuten. Fruta eta barazkien garrantziaz ohartu eta beraien onurak ulertzeko helburuarekin garatu zen. Zentzumen desberdinak erabiliz, ikasleak gustuko izan ditzakeen fruta eta barazkiak esploratu zituzten sukaldean, ikasgelan eta Oxirondo azokan.